KMK PROBAK

KMK 2016 Erronkako probak

Sarrera

Erronka egitasmoa 14-16 urteko gazteei zuzendurik dago. Proba zirraragarri eta ikusgarrien bidez, Gipuzkoako 24 Ikastoletako DBH 3. eta 4.eko gaztez osaturiko taldeen arteko lehia izango da. Modu honetan, gazteei protagonismoa emateaz gain, zirkuituaren zentzua indartu eta gune ezberdinen arteko mugimendua bultzatzeko asmoa dugu, probak zirkuituan zehar zabalduz. 

Kilometroak 2016 eguna baino lehen talde bakoitzak aurkezpen bideo bat aurkeztu beharko du. Egunean bertan, berriz, goizean bi probetan parte hartuko dute eta eguerdi-arratsaldean finalera sailkatzeko azken aukera (errepeska) eta finala egingo dira.

Taldeak gutxienez 8 ikaslez eta kapitain batez eta gehienez 16 ikaslez eta 2 kapitainez osatuta egongo dira. Ikasleek, ahal izanez gero erdiak neskak eta erdiak mutilak, 2016-17 ikasturtean DBH 3 edota 4n dauden gazteak izan behar dute. Kapitainen lana ez da fisikoa izango, taldea gidatzea eta frogatan laguntzea baizik. Beraz, edozein profil eta adinetako pertsonak izan daitezke kapitain. Froga bakoitzean 8 ikaslek eta kapitainak hartuko dute parte.

1. Taldearen aurkezpen bideoa

Proba honetan Ikastola bakoitzeko taldeak bere aurkezpen bideoa grabatuko du.

Bideoa gehienez 2 minutukoa izango da eta edozein baliabideren bidez grabatu daiteke (mugikorrarekin, bideo edo argazki-kameraz…). Bideoaren diseinua eta ezaugarriak (kokapena edo testuingurua, irudien sekuentziazioa, jarduerak, estetika, editatzeko modua…) talde bakoitzaren nahien edo gustuen araberakoa izango dira. Bideoan derrigorrez agertu beharreko hitzak edo edukia ondorengoa izango da:

X (zuen ikastolaren izena esan) ikastolako erronkariak gara

Gainera, bideoaren hasieran derrigorrez Rural Kutxaren logotipoa gaineratu behar da aurrez “BABESLEA” hitza gaineratuz.

Bideoen ebaluazioa bi modutan gauzatuko da: Ikus-entzunezkoen arloan adituak diren 3 pertsonaz osatutako batzordeak ebaluatu (originaltasuna, irudiaren erabilera eraginkorra eta bideoaren estetika, besteak beste) eta sailkapen zerrenda bat egingo du. Sailkapen horrek ez du puntuatuko, baina Kilometro egunean egingo diren goizeko probak aukeratzeko lehentasunak markatuko ditu. Bestalde, bideoa bozkatu duen ikusle kopuruak finkatuko du Rural Kutxaren sariak nork irabazi dituen:  1.000 euro irabazlearentzat, 500 euro bigarrenarentzat eta 250 euro hirugarrenarentzat. Sari hauek finala bukatu ondoren banatuko dira Erronkako sari nagusiarekin batera.

 Aurkezpen bideoak jasotzeko azken eguna ekainaren 15a izango da. Bideoen ebaluazioa eta Rural Kutxa lehiaketa irailean egingo dira.

2. KMK 2016 eguneko antolaketa

2.1. Harrera ikastolan

Talde guztiak ikastolan bilduko dira goizeko 10:00etan. Ongi etorria eman, eta jarraian, ikastola bakoitza dagokion probara (gunera) abiatuko da gidarien laguntzarekin (talde bakoitzak bere gidaria izango du).  

2.2. Goizeko probak

Ikastola guztiek goizean bi proba burutu beharko dituzte (bi gunetan kokatuak) eta aurrez jakingo dute bakoitza zein ordenatan, non eta zein ordutan gauzatu beharko dituzten. Goizeko lehenengo proba 11:00etan hasiko da eta bigarren proba, 13:00etan (tartean, gune batetik besterako ibilbidea egin behar dute). Hauek dira egin beharreko probak:

- Aranzadi  gunea: “ESKALASTOLA”

Errelebo proba izango da eta taldekide bakoitzak ibilbide jakin bat egin beharko du, zailtasun desberdinak gainditzen dituen bitartean. Burutzen duten heinean, lekukoa pasatzen joango dira beraien artean. Armiarma sare erraldoia igotzeaz gain, Bergarako kulturarekin lotutako proba desberdinak gainditu beharko dituzte kapitainen laguntzarekin, puzzle bat osatzen duten bitartean.

- Matxiategi gunea: “EUSKAL JOKOAK”

            Talde lanean eta euskal joko tradizionaletan oinarritutako proba izango da.

- Harrizuriaga gunea: “MAKROZIRKUITOA”

            Binaka osatuko den errelebo proba izango da eta bikote bakoitzak ibilbide jakin bat egin beharko du, zailtasun desberdinak gainditzen dituen bitartean. Burutzen duten heinean, lekukoa pasatuko diote hurrengo bikoteari. Abilezia, koordinazioa eta abiadurarekin lotutako ekintzak izango dira.

- Azoka gunea: “BURUA ERABILI”

            Talde osoa elkarri lotuta, eskatzen zaien probak bete beharko dituzte kapitainen laguntzarekin. Guztira 6 proba izango dira eta bat betetzen duten heinean azalduko zaie hurrengoa. Talde lana, inteligentzia eta antolakuntza eskatzen duten probak izango dira.

Lau probak bi multzotan banatzen dira, eta aukeraketa egitean, kontuan izan beharko dute multzoak aukeratzen direla eta ez probak banaka: Eskalastola-Euskal jokoak multzo bat da eta bestea, Makrozirkuitoa-Burua erabili.

 Proba bakoitzean lortutako sailkapenaren arabera hainbat puntu lortuko ditu talde bakoitzak (ikusi 3. puntua).

2.3. Bazkaria eta atsedena, Azokako gunean, musikaz goxatua

Bazkaria 14:00etan hasiko da, Azokako gunean. Erronkan izena eman duten partaide guztiei doan emango zaie bazkaria eta guztiek batera bazkalduko dute. Kilometroak eguneko musika talde garrantzitsu baten ekitaldia ikusteko aukera izango dute, gainerako lagunekin batera.

Ondoren, 15:00etan, talde guztiak elkarrekin eta txaranga batek gidaturik, finala jokatuko den gunera bideratuko gara.

2.4. Finalera sailkatzeko azken aukera (errepeska), Labegaraietako gunean

15:45ean hasiko da eta finalerako sailkatu ez diren talde guztiek hartuko dute parte. Proba honetatik irtengo da 5. finalista. Honen ondoren, eta finala hasi bitartean “Slack line” ikuskizun bat egongo da.

2.5. ERRONKAKO FINALA, Labegaraietako gunean

Ikusgarria izango da. 16:30ean hasiko da eta 5 taldek hartuko dute parte. Diseinatu dugun errepeska sistemaren arabera, azken unera arte talde guztiek izango dute finalean parte hartzeko aukera. Goizeko probetan puntu gehien lortu duten 4 taldeak finalerako zuzenean sailkatuko dira eta 5. taldea errepeskatik irtengo da.

Finalaren nondik norakoak sorpresa izango dira, ez duzue egunera arte jakingo.

Finala bukatu bezain pronto, oholtza gainean sari banaketa izango da.

Erronkako irabazlearen saria: Demasako ikurrina eta ikas bidairako 2.000 euro.

Rural Kutxaren sariak: Ikas bidairako 1.000 euro irabazlearentzat, 500 euro bigarrenarentzat eta 250 euro hirugarrenarentzat

3. Puntuazio sistema

Finala jokatu aurretik, talde bakoitzak eskuratutako puntuak batu eta sailkapena zehaztuko da, eta bazkalostean partaideei aurkeztuko zaie. Finalera proba-multzo bakoitzeko 2 talde pasatuko dira zuzenean. Multzo bakoitzeko sailkatzeko puntuetan berdinketarik balego, goizeko 2 probetan eginiko denboren batura hoberena gailenduko da.

Zbk. Probak Jokoan Irizpideak
1 Aurkezpen bideoa Probak aukeratzeko lehentasuna
+
Caja Rural sariak
  • Bi irizpide: (a) adituen ebaluazioa (b) Caja Rural sariak.
    • a) Sailkapen bat osatuko da goizeko probak aukeratzeko lehentasunekin.
    • b) Ikuskatze kopuruaren arabera Caja Rural sariak. Erronkako finalaren ondoren banatuko dira sari hauek.
2 Goizeko
1. proba
Finalerako puntuak
12-9-6-4-2-1
  • Ibilbidea osatzeko behar izan duten denborak zehaztuko ditu puntuak.
3 Goizeko
2. proba
Finalerako puntuak
12-9-6-4-2-1
  • Ibilbidea osatzeko behar izan duten denborak zehaztuko ditu puntuak.
4 Errepeska Finalerako sailkapen zuzena
  • Finalera  sailkatu ez diren talde guztiek hartuko dute parte. Irabazleak finalerako sailkapen zuzena lortuko du
5 Finala KMK 2016ko Erronkako txapelduna
  • 4 proba independente izango dira. Proba bakoitzean talde bat kanpoan geratuko da, irabazle bakar bat geratu arte.

4. Kronograma

Puntu honetan, kontuan izan beharreko ekintza nagusienen data zehatzak gaineratu ditugu, momentu garrantzitsuenak kontuan izan ditzazuen.

Zbk. Data Probak Ekintza
1 2016ko maiatza eta ekaina Aurkezpen bideoa
  • Emandako irizpideen arabera, ikasleek bideoa diseinatu behar dute.
  • Aurkezpen bideoa sortzeko baldintzak irakurri hasi aurretik.
2 2016-06-15 Aurkezpen bideoa
  • Bideoak guri bidaltzeko azken eguna izango da.
3 2016-9-15 Aurkezpen bideoa
  • Adituek bideoak ebaluatuko dituzte eta probak aukeratzeko sailkapen bat egingo dute.
4 2016-09-19
2016-10-01
Aurkezpen bideoa
  • Bideoak plataforma batera igoko ditugu eta jendarteak ikusgai izango ditu. Ikasleek herritarrak eta ingurukoak animatu bideoa ikustera eta bozkatzera.
5 2016-10-02 KMK2016
  • 10:00: Taldeen harrera eta aurkezpena ikastolako gunean.
  • 11:00: 1. proba, talde bakoitzari dagokion gunean.
  • 13:00: 2. proba, talde bakoitzari dagokion gunean.
  • 14:00: bazkaria, Azokako gunean. Musikaz goxatua.
  • 15:00: talde guztiak elkarrekin txarangaren atzetik Labegaraietako gunera
  • 15:45: Errepeska azken finalista lortzeko.
  • 16:00: “Slack line” ikuskizuna.
  • 16:30: ERRONKAKO FINALA, Labegaraietako gunean.
  • Finala amaitu bezain laster, sariak banatuko dira oholtza gainean.
  • Aldatzeko pabilioi bat izango dute eskura. ALDAGARRIAK ETA LEHORTZEKO TOALLA EKARRI.
  • 17:30: Kontzertua Labegaraietako gunean.