AE 2016: Probak

ERRONKA 2016

TALDE JOKABIDEA

Talde bakoitzak bere martxa eramango du. Ibilbidea ahalik eta azkarren burutzen saiatu beharko du, baina taldeko kide guztiak elkarrekin joatea beharrezkoa duzue, hau da, talde osoak elkarrekin egin beharko du ibilbide osoa.

Hasiera eta amaiera ordua talde guztientzat berdina da. Amaiera orduari dagokionez, esan, nahiz eta ibilbide osoa, proba guztiak ez amaitu, talde guztiak ordu horretarako amaiera puntuan egon behar dutela.Goiz erdian, 3 proba pasa ondoren, partaide guztiontzat hamaiketakoa izango dute.

Ezin dute ez alkoholdun edaririk erosi eta ezta zuekin eraman ere lehiaketak irauten duen bitartean.

Taldekideak haien artean euskaraz aritu beharko dute.

Taldekide guztiak jarrera egokia izan behar dute uneoro; biraoak, isekak,… ez dira onartuko eta epaileek unean uneko erabakiak hartu ahal izango dituzte arau hauek betetzen ez dituztenekin.

PROBEN MEKANIKA ETA ARAUTEGIA

Talde bakoitzak, probak gauzatu ahala, banderola bana lortuko du eta hauek azken probarako, abentura bidaia lortzeko elementuak izango dira.

Ordutegiari dagokionez, esan, zehatz-mehatz errespetatu behar dutela eta ondorioz, trantsizio tarteak guneetara garaiz iristeko erabili behar direla:

  • Proba gainditzeko, beti, 20 minutu izango dute
  • Gunera hasiera ordua baino lehen iritsiz gero, ordua izan arte itxaron beharko dute, lehenago ezin izango baita hasi.
  • Ordua baino beranduago iritsiz gero berriz, hasteko ez da inongo arazorik egongo, hori bai, amaitzeko ordua denean, proba amaitutzat emango da, gaindituta edo gainditu gabe

Ez du proba gehien gauzatzen duenak irabaziko, baina zenbat eta proba gehiago gauzatu, orduan eta azken proba irabazteko aukera gehiago izango dute, azken probak lotura zuzena izango baitu lorturiko banderola kopuruarekin.

Irabazlea, azken proban, saria duen kutxa irekitzen duen taldea izango da.

10:00-10:35 LEZAO GUNEA

ONGI ETORRIA - LEZAO GUNEAN, IGERILEKUETAN

Agurra, azalpenak eta ibilbide karpeten eta kamiseten banaketa

Hasiera 

Probak eta tokiak

EUSKARARI EUSTEN -  LEZAO GUNEAN, HOCKEY PISTAN

Hasteko, talde bakoitzeko 4  kidek (2 neska + 2 mutil), txandaka, errokodromoan gora eta behera egin beharko dute. Errokodromoak 4 alde dituenez, talde bakoitzak 2 alde erabiliko ditu.

Behin lau kideek errokodromoan gora eta behera egin dutenean, taldeko beste bi pertsonak (neska 1 + mutil 1) tirolinatik gora igo beharko dute, aurrena bat eta gero bestea. Behin bi taldekideak goiko eremura igo direnean, bertan egongo diren elementuetatik talde bakoitzak bina hartu eta ahal duten azkarren eskaileretatik jaitsiz behean dauden taldekideei pasako dizkiete. 

Bi elementu hauek, taldekide guztien artean osatu beharreko akrospot irudiak izango dira eta taldekide guztien artean osatu beharko dituzte horretarako prestaturiko gunean. Proposatutako irudiak Lautada eta Agurainekin zer ikusia izango duten elementuak izango dira. 

GEROA MARGOTUZ – LEZAO GUNEAN, IGERILEKUETAN

Bi taldeetako kideek, modu kooperatiboan, zirkuitu bat eginez, Araba Euskarazeko logoaren petalo erraldoi bat margotu beharko dute. Horretarako, bi taldeetako kideak nahastuz 8 bikote osatuko dituzte eta bikoteka ondorengo ibilbidea egingo dute:

Traktore gurpil bat hara eta hona mugitu beharko dute guk zehazturiko ibilbide batean zehar. 

Ondoren, lurrean zehar sakabanaturik eta ur eta xaboiez bustirik egongo diren gurpil batzuen gainetik pasako dira. 

Ondoren, gomaz egindako aramu sarea pasako dute. 

Jarraian, lurrean dagoen margoen baldean lotuta dituzten eskuak sartuko dituzte eta behin eskuak erabat margotuak dituztenean…… 

“Edari kutxekin” egindako oreka lerroa zeharkatuko dute. Hauen gainean konoak egongo dira eta hauek lurrera botaz gero, berriz hasi beharko dute kutxak zeharkatzen. 

Amaitzeko, eskuetan geratu zaien margo edo pinturarekin, euren petalo erraldoia margotuko dute.

Bikoteak txandaka aterako dira, jarraian eta lehen proba amaitzerakoan (Traktore gurpila) aterako da hurrengo bikotea. Behin bikote guztiek ibilbidea eginda, petaloa margotzen amaitu ez badute, bigarren itzulia egin beharko dute txandaka petaloa margotzen amaitu arte. 

Lorearen petaloa margotzen amaitzean, margotzen amaitu duen azken bikoteak hasiera gunera iritsi beharko du eta momentu horretan bertan denbora geldituko dugu.  Bikote guztiak parte hartu baino lehen petaloa margotzen badute, falta diren bikoteek ere zirkuitua egin beharko dute. 

NATURA ZAINDUZ -  GALZAR GUNEAN

Talde bakoitzari mapa desberdin bana emango diogu eta  mapa horren bitartez, hiru leku zehatz topatu beharko dituzte. Leku bakoitzean proba bukaerarako beharrezkoak izango dituzten objektuak (zuhaizka, ureztontzia eta aitzurra) aurkitu eta jaso beharko dituzte.  

Behin hiru puntuak (objektuak) topatuta, bi taldeek 2 zuhaitzak landatu beharko dituzten lekura (mapan zehaztuta egongo da) joan beharko dute.

Bertan, bi taldeek jaso dituzten objektuak erabiliz, bi zuloak egin eta 2 zuhaitzak landatu beharko dituzte (Talde bakoitzeko 3 neska eta 3 mutil).

Bi taldeetako partaide hauek zuhaitza landatzen duten bitartean, bi taldeetako beste kideek (talde bakoitzeko 1 neska eta 1 mutil) aurkitutako ureztontziekin iturrira joan eta bertan urez beteko dituzte.

Azkenik, hauetako bik begiak estali eta beste biek iturritik gidatzen dituzten bitartean, zirkuitu batetik pasaz, zuhaitzera hurbilduko dira eta ureztontzia erabiliz, zuhaitzak ureztatu beharko dituzte.

Denbora amaitu aurretik, hasierako puntura itzuli beharko dute. 

Talde bakoitzak, lau proba gainditu eta bakoitzean lortutako kodeekin hieroglifiko bat deszifratu beharko dute. Kode osoa lortzeko lau probak gainditzea ezinbestekoa izango da:

Talde bakoitzak, mugaturiko eremu batean sakabanaturik lau botila (talde bakoitzarentzat kolore bana) izango ditu. Talde erdiak (2 neska eta 2 mutil) begiak estalita izango ditu eta bakoitzak, eremuaren kanpoko aldean aurretik mugaturiko gune batean, gidatuko duen laguntzaile bat izango du (Beste laurak, 2 neska eta 2 mutil). Begiak estalirik dituzten kideek, euren gidariaren aginduak jarraituz, botiletara hurbildu, bakoitzak botila bana  hartu eta hasierako eremura eskuan eraman beharko du . Botila guztiak hasierako tokira eramandakoan, lehenengo kode zatia lortu eta hurrengo probara pasako dira. 

Bi zuhaitzen artean slackline-a jarriko dugu eta  bi taldetako zortzi partaideek bertatik pasa beharko dute. Erori gabe pasa ahal izateko, haien buru gainean eskuekin heldu ahal izango duten soka bat izango dute . Zortziak pasatakoan bigarren kode zatia lortu eta hurrengo probara pasako dira.  

Taldekide guztiak binaka (1 neska eta 1 mutil) jarri eta  bizkarrean urez betetako puxikak eramanez, ibilbide bat egin beharko dute. Talde bakoitzak ibilbide amaieran dagoen balde batean lehertu gabeko lau puxika sartzea lortu beharko du. Hau lortutakoan, hirugarren kode zatia lortu eta hurrengo probara pasako dira. 

Taldekide guztiak binaka (1 neska eta 1 mutil), eskuak atzeko aldean lotuta dituztela jarri eta  ur eta irinez betetako baldeetan (2 balde talde bakoitzeko) 16 gozoki  bilatu beharko dituzte. Behi aurkituta, beste aldean dagoen plater batera eraman eta bertan utziko dituzte. Azken kode zatia lortu eta gero hieroglifikoa banatuko zaie. 

Lortutako kodearekin hieroglifikoa deszifratu eta bukatzeko, deszifratu duten esaldia hizki desberdinak izango dituzten puxikekin idatzi beharko dute. 

Talde bakoitzak, urez beteriko pitxerrekin, ibilbidean zehar proba desberdinak gaindituz, guk jarritako balde bana bete beharko du:

Zaku saltoan: Taldekideek 2 laukote ( 2 neska eta 2 mutil) osatuko dituzte eta laukote bakoitzean, kide batek, urez beteriko pitxar bat hartuko du. Modu horretan bi laukoteek guk zehazturiko ibilbidea egingo dute, lehenengo laukote batek eta gero besteak. 

2.- Ondoren, Soka saltoa: Kasu honetan ere 2 laukote osatuko ditu talde bakoitzak. Bi laukoteetan, kide batek urez beteriko pitxerra izango du eta nahi duten moduan, hamarna salto egin beharko dituzte, lehenengo laukote batek eta gero besteak. 

Ondoren, eskia:  Kasu honetan ere 2 laukote osatuko ditu talde bakoitzak eta talde bakoitzak guk zehazturiko ibilbidea egin beharko du ur pitxarrarekin, lehenengo batek eta gero besteak. 

Amaitzeko, lona irristakorra: Talde bakoitzak, taldekide guztiek elkarri gerritik helduz tren bat osatu eta aldapan behera jaitsi beharko dute. Lona xaboiez eta urez beteta egongo da eta pitxerra azkeneko kideak eramango du. 

Behin proba guztiak eginda, galdu ez duten ura, hau da, pitxarrean geratu zaiena baldera botako dute eta baldea betetzeko gai izan ez badira, probak berriz egin beharko dituzte baldea erabat bete arte. 

Probak, bata bestearen atzetik, segidan egin beharko diren 4 zati izango ditu:

Txingak: Taldeko lau (2 neska eta 2 mutil ) kide TXINGEkin hasiko dira. Bati begiak estaliko dizkiogu eta honek, beste kideek gidaturik, guk momentuan diseinatuko dugun ibilbidea egin beharko du, joan eta etorria.Horrela egingo dute, banan-banan, guztiek ibilbide bana egin arte. Bakoitzak joan etorri bana egingo du, lau buelta guztira. 

Lasto altxatzea: Aurreko 4 kidek txingen proba amaitzean, segidan, beste lauk (2 neska eta 2 mutil ) LASTO ALTXATZEArekin hasiko dira. Neska eta mutil batek fardoa lau aldiz jasoko dute eta ondoren beste biek beste lau aldiz.

Patata bilketa: Ondoren, beste lau partaideek (2 neska eta 2 mutil ), PATATA BILKETA egingo dute. Taldekideak banan-bana atera eta distantzia batera dauden patata bana hartu, gerturatu, eta distantzia batetik jaurtiz, patata, distantzia luze batera dagoen saski batean sartzen saiatuko dira. Behin jaurtita, saskian sartu ala ez, kideari erreleboa eman eta horrek berdina egingo du. 4 patata sartzea izango da helburu. 

Egur bilketa: Probari amaiera emateko, egurrez osatutako estruktura bat osatu beharko dute taldekide guztien artean. Behin egitura amaituta, taldeko kide bat egituraren gainera igoko dute eta behin hau igota, beste guztiek elkarri eskua emanez borobil bat osatu eta euren gorputzetatik uztai bat pasa beharko dute, eskuak askatu gabe.

Hau guztia denbora barruan egiten duen taldeak banderola lortuko du. 

Eta behin banderolak lortuta, azken proba, saria lortzeko proba duzue honako hau.

Hartu dituzuen banderola guztiak, giltzekin trukatu eta ea…………. NORK LORTZEN DUEN

 


AE 2015: Probak

 

TALDEKIDEEI ONGI ETORRIA, PROBAREN AURKEZPENA ETA HASIERA

 

3. GUNEAN: Atletismo pistan

Talde guztiak goizeko 10:00etarako egon beharko dute ordu horretan hasiko baita proba.

Ikasleei ongi etorria eman.

Jardueraren nondik norakoak azaldu.

Materiala banatu.

Haien arteko lehenengo kontaktua bideratu.

 

1. GUNEAN: Prado parkean

ALTXORRAREN BILA - ORIENTAZIO JOLASA

Helburua eta adierazleak:

Proba kooperatiboa izango da, osatu beharreko azken idatzia bi taldeek elkarrekin osatu beharko baitute.

Horretarako talde bakoitzak dagozkion pistak(hitzak) lortu beharko ditu eta behin lortuta, bi taldeen artean testu definitiboa asmatu beharko dute.

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Talde bakoitzari Prado parkeko mapa bana emango diogu, bati gorria eta besteari horia.

Mapan pistak(hitzak) non dauden eta jarraitu beharreko ibilbidea zehaztuko zaie taldeei.

Behin mapa eskuartean, taldeek, talde guztia elkarrekin joanez, pista(hitz) guztiak lortu beharko dituzte. Pistak (Hitzak) zuhaitzetan egongo dira eta ikasleek ez dituzte hartu beharko, soilik kopiatu.

Behin bi taldeek euren pistak(hitzak) lortu dituztenean, elkartu eta azken testua, testu definitiboa asmatzen saiatu beharko dute.

Testu definitiboa asmatuz gero, taldeek euren altxorra lortuko dute, banderola.

 

1. GUNEAN: Prado parkean

ZUHAITZETIK ZUHAITZERA EGAN

Helburua eta adierazleak:

Partaideek ibilbide osoa (sokak, tirolina, slack-linea…) egin beharko dute eta ibilbidean zehar egongo diren hizkiak hartuz, lorturiko hizkiekin ibilbide amaieran egongo den taulan asmatu beharreko lema idatziz gero, taldeak banderola (Giltza) lortuko du.

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Taldekideak bikoteka (neska 1 +mutil 1) banatuko dira eta ibilbide osoa bikoteka burutu beharko dute:

1.    Ibilbidea slack-linean hasiko da; soka osoa pasa beharko dute elkarri lagunduz. Erdia batek egingo du eta beste erdia besteak (Laguntzeko, soilik eskua eman daiteke)

2.    Behin guztiek slack-linea eginda, altura batean egongo den soka lurra ukitu gabe pasa beharko dute alde batetik bestera. 4 bikoteek pasa behar dute, bat hasiz eta besteak bukatuz (bikoteak berak erabakiko du zein hasi eta nork bukatu eta bakoitzak zein distantzia egin).

3.    Behin soka 4 bikoteek pasata, bikoteek euren artean eskuak lotuko dituzte eta soka batean zintzilik egongo diren hizkiak hartu beharko dituzte ahoarekin (Bikote bakoitzak bina hitz).

4.    Eta behin hizki guztiak hartuta, tirolina dagoen aldamiora joan, soka kaskatu eta banan-banan tirolinatik botako dira hizkiekin lema idatzi behar duten taularaino.

5.    Lema asmatuz gero, taldeak banderola (giltza) irabaziko du.

 

2. GUNEAN: Mendizorrotzan

KATXIREN DORREA

Helburua eta adierazleak:

Fardoekin dorre bat osatuz altuera batean dagoen banderola hartzen saiatu beharko dute taldeek.

Dorrea osatu ahal izateko ibilbide bat osatu beharko dute.

Talde bakoitzak 20 minutu izango ditu ibilbide osoa egin, dorrea osatu eta banderola lortzeko.

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Probak 2 zati izango ditu:

1.    zatia:

o   Talde bakoitzeko 3 bikotek (neska 1 + mutil 1), bikotea eskuak elkarri lotuta, distantzia batetara zintzilik dauden pista batzuen bila joan beharko dute banan-banan. Bietako batek pista hortzekin hartu, ahal duten azkarren itzuli eta eskuak lotu gabe dagoen bikoteari emango diote. Bikote honek pistak guraizeekin zabaldu eta ordenatu egingo ditu. Guztira talde bakoitzarentzat 12na pista egongo diren arren, 4 izango dira benetakoak, beste 8ak zuriz egongo baitira.

o   Behin idatzita dauden 4 pistak lortuta, pistak ordenatu eta altuan irakurriko dituzte. Ondo egonez gero, ondorengo zatiari ekingo diote

 

2.    zatia:

o   Bigarrengo zati honetarako talde bakoitzak 4 bikote (neska 1 + mutil1) osatuko ditu. Bikote bakoitzak fardo bana hartu eta zirkuitu osoa osatuko du fardoa alde batetik bestera eramanez. Ibilbidea txandaka egingo dute eta ibilbide osoa egin arte ezin izango du ondorengo bikoteak atera. Guztira 12 fardo garraiatu beharko dituzte.

Behin fardo guztiak garraiatuta, fardoekin “Katxiren dorrea” osatu eta gaineko aldean dagoen banderola hartu beharko dute. Horretarako euretako 2 (Hasierako proban eskuak lotuak izan ez dituzten neska eta mutila) fardoetan gora igoko da.

Proba osoa egiteko, hau da, banderola lortzeko, talde bakoitzak 20 minutu izango ditu.

 

3. GUNEAN: Mineralean

"PIZTU EUSKARA" GURUTZEGRAMA

Helburua eta adierazleak:

Jendeari galdetuz, hainbat galderen erantzunak lortu eta hizkiak dituzten kutxekin “Piztu Euskara” gurutzegrama osatu beharko dute.

Banderola lortu ahal izateko, gurutzegrama osoa osatu beharko dute

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Proba kooperatiboa izango da, hau da, banderola lortzeko bi taldeek elkarrekin osatu beharko dute gurutzegrama.

Bi taldeetako kideek (16 ikasle) modu honetan banatuko ditugu:

·         Proba osoko gidari izango diren 2 artzain (ikastola bateko neska 1 eta beste ikastolako mutil 1)

·         Galderak erantzunez edo jendeari galdetuz hitzak lortu beharko dituzten 8 kide (ikastola bateko 4 eta besteko beste 4) bi laukotetan (2 neska eta 2 mutil) banatuta. Laukote bakoitza elkarri lotuta joango da eta bik begiak estalita eta beste biek begiak zabalik izango dituzte.

·         Gurutzegramako hitzak osatzeko beharrezko diren hizkiak dituzten kutxak lortu beharko dituzten 6 kide (ikastola bateko 3 eta besteko beste 3) bi hirukotetan(2 neska eta mutil 1 batean eta neska 1 eta 2 mutil bestean) banatuta. Hirukote hauek ere elkarri lotuta joango dira.

Egin beharrekoa honako hau izango da:

·         Hasteko, bi laukoteek gurutzegramarako beharrezko diren hitzak lortu beharko dituzte emandako galderak erantzunez. Horretarako, Araba Euskarazeko zirkuituan hara eta hona ibiliko dira parte hartzen ari diren pertsonei galdetuz.

·         Behin hitzak lortu dituztenean, proba osoan gidari izango diren 2 artzainei emango dizkiete. Hauek, hitzak eskuartean, beste bi hirukoteak gidatuko dituzte hitzak osatzeko beharrezkoak diren hizkiak dituzten kutxak ekartzeko. Kutxak ekarri ahala, 2 artzainak gurutzegrama osatzen joango dira.

Gurutzegrama osoa osatuz gero, bi taldeek banderola (giltza) lortuko dute.

4. GUNEAN: Armentiako zelaietan

MAHATS ZAPALKETA

Helburua eta adierazleak:

Kupel handian dauden bi pertsonek, euren taldekideek ekarritako puxikak lehertuz, puxika baten barruan egongo den giltza topatu beharko dute. Topatuz gero, banderola (giltza) lortuko dute. bere taldekideek ekarritako puxikak zapalduz puxiken barruan dauden giltzak lortzea izango da helburua. 

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Taldekideek 4 bikote osatuko dituzte eta modu honetan banatuko dira:

·         Bikote bat (neska 1 +mutil 1) ura eta airez beteriko puxikak dituen kupel handian sartuko da.

·         Beste hiru bikoteak (hauek ere mixtoak) elkarri eskuak lotuta jarriko dira

Hasiera ematean, eskuak lotuta dituzten 3 bikoteak urez, txokolatez, iriñez… beterik dauden kupel txikietara joan eta bertan dauden puxikak ahoarekin edo hortzekin hartu beharko dituzte. Behin puxika bat hartuta, ahal duten azkarren, kupel handian sartuta dauden taldeekidena joan eta puxika kupelera botako dute hauek lehertu dezaten. Ondoren, bigarren puxikaren bila joango dira.

Horrela arituko dira 3 bikoteak, hara eta hona, puxikak kupel handira eramanez, euren taldekideek leherturiko puxika batean giltza topatu arte.

Giltza topatuz gero, banderola lortuko dute.

4. GUNEAN: Armentiako zelaietan

AZKEN PROBA eta SARI BANAKETA

Helburua eta adierazleak:

Sari banaketa

Erronka agurtu

Ikasleak, taldeak elkartu

Egin beharrekoaren azalpen zehatza

Talde, ikasle guztiak eszenatokiaren inguruan elkartuko dira eta talde bakoitzetik arduradun bana eszenatokira igoko da.

Taldeko arduradunek, proban zehar lortu dituzten banderolak eszenatokira igo eta lortu duten banderola bakoitzeko giltza bana jasoko dute.

Guztiak eszenatoki gainean, banan-banan, guztiak lehen giltza eskuan hartu eta kutxa irekitzen saiatuko dira. Talde bakoitzaren lehen giltza hauek kutxa irekitzen ez badute, orduan, talde guztiak bigarrengoarekin irekitzen saiatuko dira eta horrela arituko dira kutxa ireki arte.

Kutxa irekitzen duen taldeak irabaziko du